13 de octubre de 2016

Txistulari beteranoen agurra

Urretxuko txistularion bi lagun haundi dira Telleriatar Naxario eta Joxe Mari. Bata Segurakoa eta bestea Idiazabaldarra.

Urte asko ibili dira Goierriko txoko asko txistuaz alaitzen eta horietako bat izan da Segurako dantzarien txapelketa.

40 urteren ondoren txapelketako jarduna uztera doaz eta hori dela eta Goiberrin elkarrizketa egin diete:


http://goiberri.eus/2016/10/13/txistulari-beteranoen-agurra/


Eskerrik asko egindako lan eskergagatik!!!!

20 de septiembre de 2016

2016ko Santa Anastasiak iruditan

Joan berri zaizkigu Urretxuko jaiak, 2016ko Santa Anastasia jaiak. Lizarriturri txistularien taldearen agenda lasaitu da pixka bat; izan ere, ekitaldi pila izan ditugu egunotan eta, eguraldiak lagundu ez duen arren, festetan giro ona jartzen saiatu gara.

Urretxuko txistularien kontzertua 2016
 
Urretxuko txistulariak
 
Ostiralean, txupinazoaren aurretik kaleak girotu genituen musika tailerreko lagunekin batera, larunbatean txistulariok antolatzen dugun kontzertuan buru belarri sartuta ibili ginen eta igandean, Euskal Jai egunean, goizeko kalejiran eta karrozen desfilean hartu genuen parte. Hemen dituzue egunotako bideo batzuk, handik eta hemendik bilduta:

Lurra dantza taldea 
Larunbateko kontzertuan Kepa Junkeraren "Muskerraren Baltsa" izeneko abestia jo genuen Edurne Iturbe trikitilariarekin batera. Lurra dantza taldeak koreografia honekin borobildu zuen ikuskizuna:




Irrintzi dantza taldea
Kalakan taldearen "Sagarra jo" pieza ere larunbateko kontzertuko parte izan zen. Koreografia Irrintzi dantza taldeko neska-mutilek jarri zuen.




Euskal Jaia
Igandean, Euskal Jaiko ekitaldi nagusiena izan ohi da karrozen desfilea. Orga eta orga artean hainbat musika taldek hartzen dugu parte, tartean, baita Lizarriturri taldeko txistulariok ere. Hona hemen desfileko zatitxo bat.


29 de agosto de 2016

XV. TXISTULARI ALARDEA URRETXUN

Dagoeneko, Santa Anastasia festetara begira jarrita gaude Urretxuko Txistulari Taldekook. Urtero bezala, parte hartze handia izaten dugu txistulariok festetan: txupinazoan, Txistulari Alardean, Euskal Jai egunean, ... Aurtengoa gainera berezia izango da guretzat, izan ere, Txistulari Alardearen 25. urteurrena ospatuko dugu.

Irailaren 17an, larunbata izango da aurtengo kontzertua, gaueko 23:00etan Iparagirre plazan (eguraldi txarra eginez gero, Aldiri Kiroldegira joango gara). Aurtengo kontzertuaren programa hauxe izango da:
  • Martxa Heraldikoak (M. Glez. BASTIDA)
  • Gurea da (S. SALABERRI )
  • Baietz (J.I. ANSORENA)
  • Algaraz (J.I. ANSORENA)
  • Martxa baten lehen notak (M. LABOA / Mold. J.I. Ansorena)
  • Habanera (X. LETE / Mold. J. Astiazaran)
  • Baldorba (B. LERTXUNDI / Mold. A. Azpiazu)
  • Muskerraren baltsa (K. JUNKERA / Mold. X. Zabala)
  • Askoz gertuago (G. OJANGUREN / Mold. X. Barriola)
  • Udako egunak (A. GOZATEGI / Mold. X. Zabala)
  • Musikatu bizitza (G. ZABALETA / Mold. J. Castillejo)
  • Sagarra jo (KALAKAN / Mold: J. Ituarte)
  • Gernikako Arbola (J.M. IPARRAGIRRE)
Gurekin batera data borobil hau ospatu nahi baduzu, urretxukotxistulariak@gmail.com helbidera idatziz jarri zaitezkete harremanetan. Jarraian dagoen loturan kontzertuko partitura guztiak aurki ditzakezu:

2016ko ALARDEKO PARTITURAK


5 de junio de 2016

Urretxu eta Zumarragako txistulariak, elkarrekin, erabakitze eskubidearen festan


Ekainaren 5 honetan, beste askotan bezala, txistularioi egokitu zaigu Urretxu eta Zumarragako herriak esnatzea. Baina oraingoan, Gure Esku Dago ekimenak antolatutako herri galdeketarekin bat eginez, Lizarriturri eta Antxinako Ama taldeetako txistulariok, denok elkarrekin, kalejira bakarra egin dugu bi herriotako kaleetan zehar.



 
 

12 de febrero de 2016

2016ko inauterietako argazki eta bideoak

2016ko inauterietan ere kalean izan ziren Urretxuko Txistulariak. Otsailaren 7an, goizeko 9etan kalejira egin zuten. Ohetik jeiki eta zuzenean, jantzi eta txukundu gabe, atera ziren, Tolosako Dianan egin ohi duten bezala.

Hemen bideo eta argazkiak!





Orain Garizuma etorri da, beraz, ohiturari jarraituz, Aste Santutako igandea arte ez da kalejirarik izango. Ongi etorri neguko oporrak!

17 de enero de 2016

Danborrero txikiak San Sebastianetako kalejiran

San Sebastian eguna hurrengo asteazkenean izango dugu eta aspaldiko ohitura da egun horren bueltako igandeetako batean, txistularion kalejiran, danbor soinuak Urretxuko kaleetan entzutea. Aurten berriz ekin diogu ohitura horri, baina oraingoan 16 danborrero txiki izan ditugu lagun.

Jon, Maria, Bidatz, Erlantz, Itsaso, Ibai, Ekhi, Mattin, Irati, Maialen, Sara, Peru, Ane, Maddi, Joanes eta Eneritz txistulariokin batera danborra jotzera animatu zaizkigu; denak txistularion seme-alaba, iloba, biloba edo gertukoak. Gradu bakar bat markatzen zuten herriko hainbat termometrok eta, eskimalak bezala jantzita, goizeko 9etarako prest zeuden guztiak danborrak hartuta.



Astean zehar, Diana, Donostiako Martxa, Idiarena eta Tatiago ondo entseatu dituzte kalejiran irteteko ilusioarekin eta, gaur, ordu betetik gorako jarduna egin dute "handiekin batera", Unai Izagirre danbor nagusiak ematen zizkien aginduei jarraituz. Haiekin batera Lizarriturri taldeko dozena bat txistulari eta danborrero bildu gara, guztira talde polita osatuz.

Lizarriturri taldekoon kalejira berezi honek laster izan du oihartzuna sare sozialetan ere. Argazkiak eta bideoak berehala hasi dira mugitzen Whatsapp-eko taldeetan eta Facebooken. Edozein igandetan baino herritar gehiago irten dira gaur leiho eta balkoietara, eta kalean ere bat baino gehiago aritu dira argazkiak ateratzen eta bideoak grabatzen. Horietako batzuk dira hemen ikusi ditzakezuenak.



Urtero bezala, goizeko lanak amaitu ondoren etorri da onena: txokolatea eta txurroak Etxe-Azpi elkartean. Gaur goizean egiten zuen hotzarekin, primerako saria izan da hori parte hartu dugun txiki zein handientzat. Hurrengo urtean berriz!!







23 de noviembre de 2015

Musikarien eguna ospatuz

 
Asteburua hotza eta euritsua izan da Urretxun eta Zumarragan baina ez diogu, horregatik, Santa Zezilia ospatzeari utzi. Larunbatean, azaroaren 21ean, eta igandean, Santa Zezilia egunean, bietan ospatu genuen musikarien patroiaren eguna.
 
Larunbat arratsaldean, Zumarragako Antxinako Ama txistulari taldeko kideekin batera kalejira egin genuen bi herrietako hainbat kaleetan zehar. Gurekin batera etorri ziren Goiargi abesbatzako kideak ere, euren kantuak kalez kale zabalduz.
 
Hemengo bideo hau da kalejira horren adibide. Urretxuko Jose Mari Lasa plazan amaitu genuen arratsaldeko jarduna, Jose Mari Lasa izeneko pieza jotzen.
 

Eta igandean, aje edo bixamonei aurre eginez, kalejira egin genuen berriz ere 12:00etan hasita.