27 de mayo de 2012

Euskal Jaiaren garrantzia taldearen sorreran

1959an, lehen Euskal Jaia antolatzen hasi ziren eta, noski, txistulariek ere bertan parte hartu zuten. Gainera, inguruko herrietakoei ere deitu zieten: Bergaratik, Oñatitik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Antzuolatik, Azpeitiatik eta Zumarragatik etorri ziren txistulariak Urretxuko taldetxoarekin jotzeko. Guztira, 20 lagun inguru bildu ziren. Goizeko mezaren ondoren elkartu ziren eta kalejira egin zuten denek, ondoren hainbat pieza eskaini zituzten Gernikako Arbola plazan Bergarako Bonifazio Laskurainek zuzenduta. Arratsaldean, berriz, karrozen desfilean hartu zuten parte.

Egun hartakoa Urretxun egindako txistularien lehenengo alardea izan zela esan dezakegu. Herriak gustura hartu zuten txistularien egun hartako jarduna eta bat baino gehiago, tartean baita agintariak ere, txistulari banda edo talde ofizial bat sortzeko aukerez pentsatzen hasi ziren. 



Giroa ere horretarako aproposa zen: Frankismoaren urterik latzenetan herritarretako askok euskal kulturaren eta espresio abertzaleen gosea zeukaten. Eta garai hartan, folklorea zen (dantza taldeak eta txistulari bandak) Errejimenak publikoki onartzen zuen euskal nortasunaren irudi bakarra.

Egia esan, euskararen eta euskal kulturaren aurka gogor egin bazuen ere, txistulari bandei mesede ere egin zien Frankismoak garai hartan, eta horren adibide da Falangearen Gipuzkoako delegazioak 1959ko azaroaren 25ean Urretxuko udaletxera bidali zuen eskutitza. Falangeak eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilak txistularien bandak sortu eta sustatzeko ekimena martxan jarria zeukaten eta materiala, uniformeak edota irakasleen soldatak ordaintzeko dirulaguntzak eskaini zizkieten herri guztietako Udalei.

Urretxuko alkateak une hartan ez zegoela txistulari bandarik herrian erantzun zuen; baina Goierri elkartearen laguntzaz, talde bat sortzekotan zebiltzala eta aurrerago jarriko zela harremanetan eurekin laguntza haiek eskatzeko. Eta hala egin zuen, 1960ko abuztuan eskutitza igorri zuen Falangearen delegaziora 12 gazte txistua ikasten ari zirela jakinarazteko eta dirulaguntzak eskatzeko.

Baina ez gaitezen aurreratu. Izan ere, 1959. urtearen amaieran eta 1960.aren hasieran, bilera eta elkarrizketa asko izan ziren gai honen inguruan Urretxun. Txistulari bandaz gainera, mutikoen dantza taldea ere osatu nahi zuten. Luistarren Kongregazioa eta Goierri elkartea ziren ekimen horren bultzatzaileak eta hainbat aldiz bildu ziren udaletxean agintariekin hori guztia martxan jartzeko asmoz. Hona hemen 1960ko otsailean egindako bilera baten aktak dioena:

"Con el fin de que sea pronta realidad la feliz idea de organizar clases de enseñanza de Bailes Vascos y Txistu. Este Ayuntamiento en colaboración con la Sociedad Deportiva Goyerri y Congregación Mariana de Luises, ha decidido formar una comisión para llegar a alcanzar una mayor organización.
Para ello reunidos en el día de hoy con nuestro Sr. Alcalde, la comisión que se compone de:
D. Manuel Beraza
D. Manuel Salegui
D. Félix Azcárate
D. Benito Pildain
D. Lázaro Alcelay
D. Leoncio Arrieta
(sic)

ha acordado:

1º Dirigirse a los padres para recibir su conformidad y cooperación.

2º Consultar con los srs.:
D. Isidro Azcárate
D. José Lizarralde
D. Juan José Arocena
para la enseñanza de bailes a los chicos.

3º Dar sobre seguro la enseñanza de txistu sobre los sres.:
D. Leoncio Arrieta
(sic)
D. Ramón Esnaola
y consultar con el sr. D. José Gabilondo.

4º Ver la manera de encontrar una persona con capacidad para la enseñanza a los niños.

Villarreal de Urrechua, 18 de Febrero de 1960
"

Bilera eta bilera artean, dantza taldean edo txistularien bandan aritu nahi zuten gaztetxoen izenak biltzen ere hasi ziren. Udaletxean gordeta dagoen zerrenda horietako baten arabera, 12 eta 18 urte arteko 68 gaztek eman zuten izena bi taldeetako batean aritzeko.

Hau dena martxan jartzeko prozesuan, Jose Perezi eta Santi Gutierrezi ere deitu zieten bileretara joateko. Hasieran, dantza taldeko txistulari izateko proposatu omen zieten, baina hauek, gazteak izanik, ez zuten "loturarik" nahi. Hala aitortu zuen Santik berak txistu-taldearen 25. urteurrena ospatzeko osatu zuten argitalpenean: asteburuak libre nahi zituzten, mendira joan ahal izaten jarraitzeko. Ondoren, berriz, beste norbaiti txistua jotzen erakusteko prest egongo ote ziren galdetu zieten eta horri baietz erantzun zioten. Are gehiago, bati erakutsi beharrean gazte talde bati erakustea proposatu zuten, hainbat lagunen artetik dantzarientzat joko zuen txistularia ateratzea errazagoa izango zelakoan.


Eta hala, lehenengo txistu eskolak ematen hasi ziren. Luistarren Kongregazioak Auxilio Social eraikina utzi zien entseguetarako eta han biltzen hasi ziren Jose eta Santi egunero euren ikasleekin. Lehenengo talde hartan zeuden, besteak beste, Javier Torres, Jose Lizarralde, Jose Luis Araiztegi, Jose Ramon Sanz, Roberto Salegi eta Jose Antonio Chico. Ez zitzaien asko kostatu txistua jotzen ikastea; izan ere, euretako gehienek bazekiten solfeoa ordurako, hauek ere parrokiako mutikoen abesbatzan (tipleetan) ibilitakoak baitziren.

Bitartean, Ramon Esnaola ere beste taldetxo bati erakusten aritu zen. Etxekoekin hasi zen, hau da, bi alabei eta bost ilobari erakusten. Baina gaztetxo gehiago ere pasa ziren garai haietan Ramonen etxetik, han ematen baitzituen lezioak. Jose Mari Zaldua eta Juan Manuel Kerejeta esate baterako. Batzuek nahiago izaten omen zuten jolasean ibili txistua eta solfeoa ikastera joatea baino, baina Jesusa bere emazteak beti izaten zuen gaileta edo pastatxoren bat gaztetxo haiek motibatzeko.

Lehenago esan bezala, 1960ko abuztuan 12 bat gaztetxo ari ziren txistua ikasten eta irailean bi taldeak, Ramonen ikasleak alde batetik eta Joserekin eta Santirekin aritutakoak bestetik, elkartu eta batera entseatzen hasi ziren. Helburua urte hartako Euskal Jaian denak batera jotzea zen, baina horretarako desfilatzen ikasi behar izan zuten, ez baita gauza bera eserita edo geldik egonda txistua jotzea eta oinez ibilita jotzea. Ederrena pilotaleku zaharrean eta Iparragirre plazan ikasi zuten desfilatzen. Pilotalekuko jardun haiek "gertaera soziala" bezala gogoratzen dituzte beteranoetako batzuk: lanetik aterata, tragoxka bat hartzera joaten ziren frontoira herritarrak eta kuriositatez jarraitzen zituzten gazte hauen aurrerapenak. "Badaukagu txistulari banda" esaten omen zuten haietako askok.


Eta iritsi zen egun handia, Urretxuko txistulariek lehen aldiz jendaurrean jo zuten eguna: 1960ko irailaren 11a, Euskal Jai eguna. Goizeko 06:30eko mezatara baserritarrez jantzita joan behar izan zuten eta handik atera bezain pronto lehenengo kalejira egin zuten, “Alborada de Segura” joaz. Hura amaitu eta lasterrera, inguruko herrietako txistulariak etorri ziren, aurreko urtean bezala, eta denek batera kalejira egin ostean, handiek kontzertua eskaini zuten Gernikako Arbola plazan eguerdi partean.

Arratsaldean, berriz, 16:00etan elkartu ziren denak eta elkarrekin joan ziren karrozen desfilea hasiko zen lekuraino, bertan parte hartzeko. “Elizondo” eta “Santa Cecilia” biribilketak eta “Alborada de Segura” ikasi zituzten egun hartan jotzeko. Desfilea amaitutakoan, berriz, Ederrena pilotalekuan egin zen jaialdian parte hartu zuten eta , ondoren, erromeria izan zegin zuten kaleetan eta tabernaz taberna.

Jende aurreko lehen emanaldia izan zen hau eta, beraz, ofizialki 1960ko irailaren 11a hartzen da Urretxuko Txistulari Taldearen sorrera egun gisa.

Zirrara handia sortu zuen txistulari taldearen irudiak bai herritarrengan bai kanpotarrengan: 20 - 25 ume eta gaztez osatutako txistulari taldea zeukan Urretxuk; ez zegoen horrelako talderik Euskal Herri osoan. Herri gehienek hiruzpalau laguneko txistulari bandak izaten zituzten eta, garai bateko danbolinteroen gisa, udaleko lanpostua zeukaten. Baina halako talde handi eta gazterik ez zegoen inon.

20 de mayo de 2012

Lizarriturri, Urretxuko Txistulari Taldearen sorrera

Aurreko orrietan esan bezala, 40ko hamarkadaren amaieran Urretxun ez zegoen txistulari bandarik, nahiz eta Joxe Gabilondok han eta hemen jotzen zuen norbaitek eskatzen bazion. Bestalde, 50eko hamarkadan bazeuden herrian txistua jotzen zekiten hainbat lagun, hala nola, Jose Antia, Leon Arrieta, Santi Gutierrez, Jose Perez... Ramon Esnaolak ere ordurako bazekien  txistua jotzen. Beraz, talderen batek, agintariek edo partikularren batek behar izanez gero, hauek denak prest egoten ziren ekitaldiren edo ospakizunen batean jotzeko.

Jose Antia, adibidez, Luistarren Kongregazioaren babesean osatu zuten neskatoen dantza taldeko eta katekesiko txistularia zen joan zen mendearen erdi aldeko urte haietan. Luistarren Kongregazio Mariarra Elizaren inguruan sortutako erakunde bat zen. Katekesia erakustea zuten arduretako bat, baina hainbat kultur ekimen ere burutzen zituzten: antzerki emanaldiak, mutikoen abesbatza, Errege Magoen kabalgata eta dantza taldea esaterako. Don Pablo Oñatibia apaiza zen kongregazio honetako arduradunetako bat. Gizon euskaltzale eta abertzalea izanik, folklorea eta euskal kultura bultzatzeko saiakera ugari egin zituen. Hain zuzen ere, Don Pablok berak erakutsi omen zion solfeoa eta txistua jotzen Jose Antiari, honek 10 urte inguru zituenean. Eta ondotik, dantza taldean eta kongregazioak antolatzen zituen bestelako ekitaldietan jotzen aritzen zen, Errege Magoentzako eskutitzak jasoz egiten zuten kalejiran esate baterako. Batzuetan, Juan Mendizabal Txapas-ek laguntzen zion atabalarekin. 


Leon Arrietak, Santi Gutierrezek eta Jose Perezek, berriz, mendiko ibilaldietan txistua jotzeko ohitura zuten. Mendizaletasuna oso errotua zegoen garai hartako gazte askoren artean eta asteburuero egiten zituzten txangoak Euskal Herriko mendiren batetara: Urbiara eta Aizkorrira, Erniora... Txistua jotzea eta kantu saioak egitea oso ohikoa zen irteera haietan. Mendian, agintariengandik ezkutuan, entzuten ziren garai hartan kalean kantatzerik ez zeuden abestietako asko.

Giro horretan murgilduta zebiltzala piztu zitzaien Santiri eta Jose Perezi txistua ikasteko gogoa. Don Santiago Garmendiaren bidez, Ormaiztegira joaten hasi ziren, Paxkual Larrañagaren etxera. Larunbatero trenez joaten ziren txistu eskolak hartzera. Solfeoa aurretik ikasia zeukaten, parrokiako gaztetxo tipleen abesbatzako kide izan baitziren urte batzuk lehenago. 10 pezeta ordaintzen zuten lezio bakoitzeko eta hainbat hilabetez aritu ziren joaten, arik eta jendaurrean jotzeko moduan egon ziren arte. Lehenengo aldiz, Ormaiztegiko jaietan jo omen zuten, Paxkualekin berarekin.

Leon Arrieta, berriz, Pasiotarren eskolan ibili zen eta bertan ikasi zuen. Bera haurra zenean, oso ohikoa zen eskolan musika ikastea. Leoni, gainera, txistua jotzen ikasteko aukera ere eman zioten eta Ramon Esnaola izan omen zuen irakasle, gainera. Garai hartan, dantza taldea ere ba omen zegoen bere eskolan eta haiei txistua jotzeko erakutsi omen zieten. Gogoan du lehenengo aldiz sei urterekin jo zuela jende aurrean: eskolako kofradiak peregrinazioa egin zuen Antiora eta bostpasei haur txistua jotzen igo ziren. 

Urte batzuk geroago, Leonek txistua eramaten zuen mendiko ibilaldietara. Eta behin, Urbian zeudela, Jose Mari Azurmendik esan zion Jose Antiarekin eta Txapas atabalariarekin elkartzeko.

Beraz, entsegu batzuk egiteko Auxilio Social izenarekin ezagutzen zen eraikinean elkartzen hasi ziren, aurretik poxpolo fabrika egon zen lekuan. Eraikin hori Labeaga kalean zegoen, gaur egun etxeorratza dagoen lekuan; Elizarena zen eta Luistarren Kongregazioak antolatutako ekintzetarako erabiltzen zuten orduan: kabalgatako jantziak eta tresnak gordetzeko, danborradako tresnak gordetzeko edota nesken dantza taldearen entseguetarako.

Denborak aurrera egin ahala, gero eta gehiagotan irteten ziren elkarrekin jotzera. Tarteka, kalejirak egiten hasi ziren igande goizetan eta laster deitu zieten festetan, dantzaldiren batean edo prozesioren batean jotzeko. Elkarrekin egin zuten lehen kalejiretako bat La Milagrosa monjen komentuko kaperatik parrokiarainokoa izan zen, egun hartan jaunartzea egin behar zuten umeen aurretik, hauei elizkizunera lagunduz. 1957. urtean izan zen hori.

Ondoren, Santi eta Jose Perez ere hauekin batera jotzen hasi ziren. Eta handik gutxira igande goizetan eta festetan txistua jo zezatela proposatu zieten udal-agintariek. Baietz esan zuten eta horrela hasi ziren, baina ez zeukaten harreman ofizialik Udalarekin eta ez zuten soldatarik kobratzen. Momentuz, txistulari banda ofizialik gabe jarraitzen zuen Urretxuk.

13 de mayo de 2012

Joxe Gabilondo, azken danbolinteroa

Udalak kontratatuta, txistulari banda osatuz, aritu zen azken danbolinteroa Joxe Gabilondo izan zen. Urretxun jaio zen 1909. urtean eta, gutxi gora behera, 20ko eta 30eko hamarkadetan eta 40koaren hasieran egin zituen danbolintero lanak. Musika ikasketak Toribio Navarrorekin egin zituen, organista eta musika bandako zuzendaria izan zenarekin, eta txistua jotzen, berriz, Kandido Agirreurretak erakutsi zion. Hain zuzen ere, Kandido bera zen herriko danbolinteroa Joxe ikasletzat hartu zuenean. Ondoren, biek elkarrekin osatu zuten txistulari banda urte askotan eta, Kandidok utzi zuenean, Miguel Martinez de Lezeak hartu zuen haren lekua. Urte batzuk geroago, Joxe Mari Azkarate, Paulo Orthous, Juan Aranburu eta Martin Zenekorta Tximista ere izan zituen lagun. Atabala jotzen, aldiz, Andres Potxolo, Isidro Jauregi eta Martin Grandes aritu ziren.

Udaleko danbolintero gisa, igandero jo behar izaten zuen: goizetan kalejira eta arratsaldeetan dantzarako piezak Iparragirre plazan edo arkupeetan, musika bandarekin txandakatuz, egiten zuten erromerian. Horrez gainera, herriko festa eta egun seinalatu guztietan kalejirak egiten zituzten: San Joanetan, Santa Anastasiatan, San Martinetan, Santa Lutzitan, Gabonetan...



1942eko urtarrilean eskutitza bidali zuen udaletxera eta txistulari bandak urte hartan izango zituen baldintzak negoziatzen aritu zen agintariekin. Joxek berak, Juan Aranburuk eta Martin Grandesek osatzen zuten orduan txistularien banda eta honako hau proposatzen zion alkateari: igande eta jai egun guztietan kalejira egingo zutela herriko kaleetan goizeko bederatziak eta erdietan hasita; ondoren, musika banda arituko zen igande eta jai egunetan dantzarako piezak joko zituztela pilotalekuan, bandarekin txandakatuz; dantzarako saio horiek ez zituztela joko ez Santa Anastasia egunean ezta Santa Lutzi egunean ere, egun horietan kalejirak joko baitzituzten; eta horietatik aparte, beste noizbait jo behar izanez gero, apartekotzat hartuko zituztela saio haiek. Honengatik guztiagatik, hileko 140 pezetako soldata eskatzen zion Udalari banda guztiarentzat.

Handik egun gutxira jaso zuen Udalaren erantzuna. Proposamenarekin ados agertu ziren baina bi kontu aldatu nahi izan zituzten: Santa Anastasiatan eta Santa Lutzitan tarteren batean dantzarako piezak joko zituztela eta hileko soldata 125 pezetakoa izango zela hirurentzat.

Ez dakigu zihur urte hartan Udalaren baldintzak onartu ote zituzten Joxek, Juanek eta Martinek; bai, ordea, handik urte gutxira, 1947an hain zuzen ere, ez zegoela txistulari bandarik Urretxun. Halaxe erantzun zion behintzat Udalak Falangeari, uztailaren 18ko jai egunerako Donostian egingo zuten alarderako txistulariak eskatu zituztenean. Hain zuzen ere, bi urtetan gutxienez, 1947an eta 1948an, eskatu zuen Falangearen Gipuzkoako delegazioak Urretxuko txistulari banda Donostiara joan zedila uztailaren 18ko jai eguneko ospakizunetan parte hartzeko. 1947koan, bereziki, Joxe Gabilondo bertaratu zedila eskatzen zuten. Udalak, ordea, esan bezala, txistularien bandarik ez zegoela herrian erantzun zuen, aspaldi desegin zela.


1947ko eskutitz horretan, gainera, kontzertuan eta kalejiran jo behar zituzten piezak aipatzen dituzte: Guridiren Mendiko Soinuak alborada, Monzonen Bergara minuetoa eta Urteagaren Iztillargi biribilketa agertzen dira egitarauan, besteak beste. Aipatzekoa da, gainera, Agur Jaunak joaz amaitu zutela urte hartan Falangeak antolatu zuen kontzertua.

Baina txistulari bandako zereginetatik aparte, elkarteek eta partikularrek ere deitzen zioten Joxeri antolatzen zituzten txangoak, ekitaldiak edo ospakizunak alaitu zitzan. Eta garai hartan herrian sortu ziren dantza taldeentzako jotzen ere ibili zen. Argazkian Miguel Urainek sortutako dantza taldearekin agertzen da. 1932. urtea zen eta Jose San Pedro atabalaria izan zuen lagun. 


1993ko Santa Anastasietako kontzertuan omenaldia egin zion Urretxuko Txistulari Taldeak Joxe Gabilondori; Inazio Barriori, Jesus Segurolari eta Ramon Esnaolari bezalaxe. 84 urte zituen orduan eta osasunez nahikoa pattal zebilen; ondorioz, ezin izan zuen kontzertuan egon eta haren seme-alabek jaso zuten txistulari taldearen oroigarria.

Hainbeste urtetan Urretxun txistu soinua zabaldu izana eskertu nahi izan zitzaion omenaldi harekin eta hauxe da horretarako idatzitako eta kontzertuan abestutako bertsoa:

Urte askotan jo izan duzu
txistua edo ttunttuna,
Urretxu osoan ez da baztarrik
zuk alaitu ez duzuna.
Lo zegoena esnatu duzu
zortziko doinu kuttunaz,
horregatikan entzun ezazu
hemen esaten duguna:
guretzat maixu ta lagun zara,
maitatuko zaituguna.


Handik lau urtera, 1997ko ekainaren 8an, hil zen 88 urte zituela.
  

6 de mayo de 2012

Urretxuko Txistulari Taldearen sorreraren aurrekariak

2010eko irailaren 11n 50 urte bete zituen Urretxuko Txistulari Taldeak, gaur egun, Lizarriturri txistulari taldea izena duenak. Urteurren hura ospatu ahal izateko, liburu bat eta bideo bat egin genituen, gure historia gogora ekartzeko eta herritarrei, zein hurrengo belaunaldiei, urte hauetan denetan bizitakoa erakusteko.

Hurrengo asteetan liburu horretako atalak blog honetan publikatzen joango gara, sarean ere gure historia ezagutu dadin. Hona hemen lehenengo kapitulua: AURREKARIAK.


Inguruko udalerri gehienek bezala, Urretxuk ere aspalditik izan du danbolinteroaren figura. Udalak kontratatutako pertsona bat izan ohi zen eta udalak zehaztutako egunetan eta egoeretan danbolina eta txistua jotzea izaten zen haren zeregina. Batzuetan, festa edo egun seinalatuetan herriko kaleak alaitzea zuen helburu. Beste batzuetan, berriz, herrian gertatutako zerbaiti buruz ohartaraziko zituen herritarrak bere musikarekin.

Urretxun ere XVI. mendetik, gutxienez izan dira danbolinteroak. Duela 25 urte, taldearen zilarrezko ezteietarako egindako argitalpenaren harira, udaletxeko artxiboko dokumentuak arakatu genituen bertako arduradunaren, Koldo Argandoñaren, laguntzarekin. Orduan konprobatu genuen XVI. mendekoak direla danbolinteroaren figura agertzen diren lehen dokumentuak.

Garai hartan, Domingo el Tamborín esaten zioten herritar bati, seguruenik, danbolina jotzeko ardura berea zelako. Orduko kontu liburuetan pare bat aldiz agertzen da gizon hau. Horietako bat zerga konkretu bat ordaindu behar zuten herritarren zerrenda da. Domingo zerrendako azken postuetan agertzen da, beraz, herriko txiroenetako bat zela adierazten du horrek. Danbolinteroa aipatzen den garai hartako beste pasarte batek honela dio: "vuelven los soldados de una tercera levantada, al son del tamborín, armados con sus espadas, picas, arcabuces y ballestas". Kasu honetan ez dago oso argi danbolinteroa bera soldaduetako bat ote zen ala hauei harrera egitera eta herrian sartu behar zuten une horretan musika jartzera joan ote zen.

Hurrengo mendeetan ere beste hainbat udal-txistulari izan ziren Urretxun. Besteak beste, izen hauek agertzen dira udaletxeko artxiboko dokumentuetan: Felipe Astaburuaga, Antonio de Zabalo, Simon Iriarte, Galo Iriarte, Felipe Arabaolaza, Tomas Ibarzabal, Benito Aranburu, eta abar.

Danbolintero hauek guztiak udaletxeko langileak izan ohi ziren, hau da, soldata kobratzen zuten ematen zuten zerbitzuaren truke eta bete beharreko zereginak garaian garaiko udalbatzak zehazten zituen. Esate baterako, ondorengo hauek dira 1885ean Urretxuko udalak atera zuen danbolintero postua betetzeko eskatzen zituen baldintzak:

1.- Lagun izango zuen danborreroa bere kontura bilatu beharko zuela.
2.- Urteko jai egun guztietan jo beharko zuela, Garizuman izan ezik, arratsaldeko eliz-ospakizunetatik otoitzerako deia jo arte, eta baita herrian ohitura zen egun guztietan ere.
3.- Kalejira jo beharko zuela goizeko bederatzietan aurrez aipatutako jai egun guztietan eta Udalari lagundu beharko ziola hau funtzio erlijiosoetara zihoanean.
4.- Aurrez adierazitako egun horietako batean ezin bazuen txistua jo, alkateari baimena eskatu beharko ziola.
5.- Danbolintero plaza uztekotan, alkateari jakinarazi beharko ziola bi hilabete lehenago.

Bere zeregin guztien truke, urtean 250 pezetako soldata jasoko zuela danbolinteroak agintzen du 1885eko maiatzaren 10ean udaletxean egin zuten bilera jasotzen duen aktak. Handik egun batzuetara Galo Iriarte izendatu zuten herriko danbolintero baldintza horiekin.

250 pezeta diru askotxo izango zen 1885ean seguruenik, baina urteko soldata zela kontutan hartuta, ez zen nahikoa izango bizitzeko. Beraz, pentsatzekoa da Galo Iriartek beste lanposturen bat ere izango zuela danbolintero izan zen urte haietan. Aurreko mendeetan nahiko ohikoa izaten omen zen danbolinteroak berak udaletxeko beste lanposturen bat ere betetzea, hala nola, alguazil, sereno edota kartzela-zain postuak. XIX. mende amaieran eta XX.aren lehen erdian, berriz, herriko musika bandako kide ere izaten ziren txistulari plaza zeukatenetako batzuk eta soldata hori ere kobratzen zuten. Hala irakurri dezakegu behintzat 1940 inguruan Juan Aranburuk herriko alkateari danbolintero posturako bere burua aurkeztuz idatzi zion eskutitzean. Herriko txistulariaren araudia izan zitekeena idatzi zuen eskutitz horretan; ze egunetan eta ze ekitalditan jo beharko zuen zehaztu zuen, baita egoera berezietan nola jokatu zezaketen ere. Araudi horretako bostgarren artikuluan honako hau dio hitzez hitz: "Será obligación del tamborilero pertenecer a la banda de música con el sueldo que como músico le corresponda." Bere zeregin eta obligazioen ordainetan bizi ahal izateko gela bat, argia, ura eta urteko 750 pezetako soldata eskatzen zituen Juan Aranburuk.